XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badakizu zer gogoratu arazten didan mendiska honek, esan zuen Carmenek derrepentean, Hendaiako egun hura, joan zen aste santuan.

Bartzelonara heldu baino lehen bururatu zitzaion gau hartan bertan egin behar genuela buelta.

Instantean jakin nuen ideia indartsu bat jaio zitzaiola, hain nabaria zen gorputzak jaiotz hartan egindako lana.

Badaukagu nahiko denbora, esan zuen alaitasunez eta orduantxe kutsatu zitzaidan presa berri hura.

Hurrengo goizean Donostian nengoen.

Kolore piska bat masailetan eta larridura epel bat bihotzean.

Gurasoak ez ziren aste betean batere aldatu.

Aspalditik nagusitu zitzaien ekaitz beldurgarri baten ondoko atseden mugagabea.

Boltsa ohe gainean jarri bezain laister ulertu nuen ez nuela alde egin nahi.

Carmenek ez zuen arrazoirik.

Eta erabakiaren lasaitasunak egun askotan lagundu ninduen.

Carmen hasia zen pazientzia galtzen.

Alde egiteko bultza nahiean egin zidan kartan daude mingostasun berri baten lehenengo seinaleak.

Nik kale egiten banion, esan zidan firmaren azpian, kostako zitzaion apur bat urak onera ekartzen.

Baina ez omen zuen zai egoteko kapazidade askorik.

Ordea, niretzat garaiak ez ziren ekintzarako: gauza gehiegi pasa zitzaidan urte t'erdi hartan besterik gabe aurrera egiteko.

Ez nekien ihes egiten ala norbait pertsegitzen ari nintzen.

Ez nekien Euskal Herritik kanpo bizi nahi nuen ala ez.